Sartu | Izena eman

Azken berriak

Joseba Santxo

Joseba Santxo

Aixe Getxo! saria jaso du Joseba Santxok, literaturan egindako ibilbideagatik

Joseba Santxoren literatur ibilbideari Aixe Getxo! Getxoko Kultura Saria eman diote iragan maiatzaren 24an. Santxo, Begikoko idazle ez ezik, Zubia-Santillanako eta Begikoko editore nahiz zuzendari ere bada. Hori dela eta, bere literatur ibilbide oparoa ezagutzera gonbidatu nahi zaitugu: bertsolaritzan (bertsolari, bertso-paperen idazle, gai-jartzaile, epaile… lanetan), hitz lauzko literaturan, itzulpengintzan eta edizioan aritu baita, literaturari dagokionez. Ahaztu gabe, oro har, euskarari eta kulturari lotutako beste hamaika jardunetan ere lan egin duela.

Bilbon jaio zen 1962. urtean eta Barakaldon Industria-Marrazketa ikasketak egin zituen. Ondoren, Euskal Filologia ikasi zuen eta, gaur egun, doktoregoa egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen.

Ikasketak egiten ari zela sartu zen bertsolaritzaren munduan, Algortako Bertsolari Eskolan. Hasi eta gutxira kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean. Horren ondoren, beste hamaika plaza etorri ziren. Bertsolaritza-eskolak ere eman zituen hainbat urtetan eta epaile ere izan da. Ez edonolakoa, beste txapelketa askoren artean, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian aritu baita epaile lanetan. Gai-jartzaile, gai-emaile eta aurkezle lanak ere egin izan ditu.

Ahozko literaturan eta bertsogintzan nabarmendu da.

Idatzizko literaturari dagokionez, ezin dugu oraindik bertsolaritza alde batera utzi: bertsopaperak izan ziren Joseba Santxoren lehen idatzizko lanak. Horiekin, Euskal Herriko hainbat txokotako sari garrantzitsuak bildu ditu eta epaile lanak egin ditu bertsopaper lehiaketetan ere.

Hitz lauzko sorkuntzan denetarik egin izan du egun Getxon bizi den bilbotarrak. Aipagarriena, 1995. urtean argitaratutako Ditxosozko ditxolaria liburua da. 15.000 ale ingurutik gora saldu dira eta Santxok liburua ikastetxe askotan aurkezteko aukera izan du. Hain zuzen, errimekin obsesio dibertigarria duen pertsonaia bati buruzko istorioa kontatuz.

Ditxosozko ditxolaria.

Roald Dahl aipatu gabe zail da idazle bizkaitarraren itzulpenei buruz hitz egitea. Bere liburuetako batzuk euskarara ekartzeaz gain, Jira, Peli eta hirurok itzulpenarekin Vitoria-Gasteiz Haur Literaturako Itzulpen Lehiaketa irabazi zuen. Hala ere, ez da Dahl euskarara ekarri duen autore bakarra, aurten, zortzi liburu euskaratu ditu, besteak beste, Violeta Monreal eta Gianni Rodariren lanak.

Roald Dahl idazlearen liburuen itzulpenak.

Santxoren azken itzulpen-lanak.

Azkenik, edizioa aipatu behar dugu. Hasieran esan dugu Joseba Santxo Zubia-Santillanako eta Begikoko editore (eta zuzendari) ere badela. Hori dela eta, euskarazko hamaika testuliburu eta ikasmaterial pasa dira bere eskuen artetik. Baita, orain, Begiko literatur zigiluarekin, euskal idazle askoren eta nazioarteko literatur idazle berri nahiz klasikoen liburuak ere.

Sari banaketan, eskerdun azaldu zen Joseba Santxo Aixe Getxo! saria jasotzeagatik. Algortako bertso eskolari, bere familiari, Zubia argitaletxeari eta sari-banaketako gainerako sarituei zuzendu zizkien hitz ederrak, besteak beste, literaturan eskuzabal aritu den Getxoko bizilagun polifazetikoak.

Zorionak, Joseba Santxo!

Aixe Getxo! saria jasotzen.

Sariak eta aipamenak.

Bertsoak, ipuinak, sorkuntza eta itzulpengintza...

'Jira, Peli eta hirurok' itzulpenagatik jasotako saria.