Sartu | Izena eman

Azken berriak

Apirileko arrain

Ostiralean jaiotakoari adarra jotzeko egun aproposagorik?

Mina eta bortizkeria bazterrean utzita, badira txantxa txikiak, bi aldeek barre egiteko moduko bihurrikeriak, gezur dibertigarriak... noizean behin eguna alaitzen digutenak. Batzuetan geu gara txantxazale, bestetan... biktima. Maiz dagokigu gure buruaz ala BESTEEKIN (zertarako besteez?) barre egitea.

Ez al dizute sekula gurasoek esnatu berritan kanpoan elurra dela esan? Korrika batean ohetik atera zara eta... kalean bero sapa dagoela ohartu zara. Nola sinetsi diet? Nola izan naiz hain inozoa? Edo norbaiti paperezko panpina bizkarrean itsatsiko zenion inoiz. Ez esan ez duzunik inoiz egin!

Bada gaur munduko txoko askotan ospatzen da Apirileko Arraina. Baita Euskal Herriko hainbat herritan ere. Nondik dator ordea?

Diotenez, XVI. mendera arte urte berriko ospakizunak martxo amaieran hasten ziren. Egutegi gregoriarra erabiltzen hasi zirenean, ordea, ez zuen jende guztiak bat-batean ohitura aldatu, eta urte berria martxoaren 25etik apirilaren 1era bitartean ospatzen jarraitu zuten horiei "apirileko ergelak" deitu zieten. Gaur egun, inozo izan ala ez, txantxazale askok eguna opari zentzugabeak egiteko eta lagunei adarra jotzeko baliatzen dute, esaterako, inoiz ospatuko ez diren festetara gonbidatuz.

Baina, arranopola, zergatik arraina? Zodiakoarekin du zerikusia: data hauetan eguzkiak Pisces konstelazioa uzten duelako. Interesgarria, ezta? Badakizu, gaur apirileko arraina izan nahi ez baduzu, izan zabalik begi-belarriak... edo izan zaitez zu zeu txantxazalea.