Sartu | Izena eman

Azken berriak

Euskararen Eguna

Euskararen Eguna

Begiko dugu euskara, euskara ere Begiko da

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da, baina euskarak 365 egun ditu. Hori dela eta, gaur eta egunero euskaraz bizitzeko hainbat proposamen egin nahi dizkizugu:

  1. Irakurri euskaraz idatzitako liburuak, entzun euskaraz egindako musika, jolastu euskaraz, ikusi euskaraz egindako edo euskarara ekarritako filmak... Aisiak eta kulturak ematen diote gatza eta piperra gure bizitzari. Bizitzako alderdirik ederrenak euskaraz bizitzeak dakar euskararekiko atxikimendua eta nahia.
  2. Identifikatu zure bizitzan belarriprest diren pertsonak eta egiezu bidea errazagoa: ahalegindu haiekin euskaraz hitz egiten, eta beharrezkoa bada, hitz egin ezazu haiekin mantso eta argi.
  3. Umore ona eta haserrea ere euskaraz bizi daitezke. Mito hutsa da erdaretan egindako umorea edo erdaraz botatako biraoak indartsuago, barregarriago, iraingarriago, dibertigarriago... direnik. Zerbait barregarria esatera zoazenean edo haserre zaudenean erdarara jotzeko joera baduzu, saiatu euskarara aldatzen. Emozioak unibertsalak dira eta edozein hizkuntzatan adieraz daitezke.
  4. Sare sozialetan eta mezuak bidaltzeko zerbitzuetan ere euskaraz! Sare sozialak eta mezuak bidaltzeko zerbitzu ezberdinak ere egunerokotasuneko tresna ditugu. Hori bai, ez du balio sare sozialetan "Euskaraz bizi nahi dut" dioen irudia jarri eta kalean erdaretan soilik aritzeak.
  5. Batua, euskalkiak, kale-hizkerak... Tresna mordoa dituzu, erabili denak. Herrikoekin euskalkian hitz egin badezakezu, erabil ezazu. Beste lekuetako euskaldunekin batua erabil dezakezu, elkar errazago ulertzeko. Udaleko langileekin eta lagunekin ez duzu zertan berdin hitz egin. Ba al dakizu hikaz edo nokaz? Hala bada, erabili itzazu: ez zaudela ohituta eta ez duzula ondo egiten? Erabiliz trebatuko zara. Hitz berri dibertigarriak asmatzeko gai zara? Datsegit, eusnob... horiek ez daude modan jada. Zure txanda da!