Sartu | Izena eman

Azken berriak

Ezagutzen ez dituzun 5 emakume zientzialari

Gaur Emakume eta Neska Zientzialariaren eguna ospatzen dugu, baina errieta egin behar dizugu lehenengo.

Asko izan dira historian zehar zientziarako garrantzitsuak izan diren emakumeak, baina horietako gutxi gorde ditu gogoan gizarteak. Matilda Efektua deitu izan zaio horri, Matilda Joslyn Gageren omenez, bera izan baitzen errealitate hori salatzen aurrena.

#NoMoreMatildas mugimendua emakume guzti horiek berreskuratzeko sortu da, haien lan, aurkikuntza eta ekarpenak gogora ekartzeko. Honen bidez neskei erakutsi nahi zaie haiek ere zientziaren historiako kide izan daitezkeela, emakume edo gizon izateak ez baititu jakintzagaiak baldintzatzen.

Gaur historia liburuetan aipatu ez eta ia ahaztu ditugun emakume zientzialariak aipatu nahi ditugu. Haien ekarpenekin zientzia aldatu zuten bost emakumeren izenak.

  • Rosalind Franklin: Einsteinen hitzaldi batek inspiratuta ekin zion zientzian aritzeari. X izpien kristalografiari buruzko bere aurkikuntzek "51 Argazkia" ateratzea ahalbidetu zioten. Honela ezagutu genuen gaur egun DNA kodearen forma dena, helize bikoitzeko estruktura.

  • Inge Lehmann: Jules Verneren abenturei uko eginda, sismologo daniar honi esker dakigu Lurraren erdigunea nukleo gogor bat dela, likidoz inguraturikoa. Ziur hau ikusiko zenuela zure testu-liburuetan!

  • Marthe Louise Vogt: bi emakume zientzialariren alaba eta ahizpa neurozientzian aritu zen, neurotransmisoreak aztertzen, epinefrina eta serotonina besteak beste. Honen bidez garatu ahal izan dira egun depresiorako botikak.

  • Meave Leaky: Kenian sortutako palentologo honek gure arbasoak ikertzen dihardu aspalditik, gaur egun arte. Turkana lakuaren inguruan egin dituen aurkikuntzek gizakiaren eboluzioa hobeto ezagutzen lagundu digute, frogatu baitu zutik egotea eta hanka biren gainean ibiltzea uste genuena baina lehenagoko kontuak direla.

  • Caroline Herschel: Urano planeta aurkitu zuen bere anaiaren laguntzaile izan zen bizi osoan zehar. Baina Carolineren aurkikuntzak ere garrantzitsuak izan ziren. Kometa bat aurkitu zuen lehen emakumea izan zen, eta hiru nebulosa ere topatu zituen. Lehena izan zen, era berean, Royal Societyn argitaratzen eta lehen britainiarra izan zen zientzia lan bat egiteagatik soldata jasotzen, nahiz bere anaiak jasotzen zuenaren laurdena soilik irabazi.

DNAri buruz gehiago jakin nahi duzu? Edo neurotransmisoreek nola funtzionatzen duten? Burua izarretan daukazu? Jakin nahi al zenuke nola eboluzionatu dugun?

Ziurrenik haiek antzeko galderak egingo zizkieten euren buruei eta zientzia zein dibertigarria izan daitekeen frogatzen ausartu ziren.