Sartu | Izena eman

Azken berriak

Poema dadaistak egiten

Poema dadaistak egiten

Egin poema dadaista bat haurrekin

Poesiaren Nazioarteko Eguna da gaur. Hori ospatzeko, ez da ideia txarra poesia irakurtzea, noski. Baina, poesia guk geuk sortuko bagenu, zer? Zaila dirudi, ezta?

XX. mendeko 20. hamarkadako dadaisten ustez, poema bat idaztea ez litzateke zaila izan behar. Artean ordura arte izandako arau guztiak apurtzeko sortu zen mugimendu hari esker, poema bat bat-batekoa izan daiteke, inperfektua, lanketa sakonik gabea eta askotan, zentzugabea ere bai.

Egunkariko artikulu bat eta guraizeak aski dira poema bat sortzeko. Eta, batek daki, agian, emaitzak txundituta utziko zaitu! Idatzi zure poema dadaista, Tristan Tzarak proposatu zituen pausoak jarraituz:

Hartu egunkari bat.
Hartu guraize edo artazi batzuk.
Egunkarian, zure poemak izango duen luzera bereko artikulu bat hautatu.
Moztu ezazu artikulua.
Jarraian, moztu itzazu artikuluko hitzak banan-banan, kontu handiz, eta sar itzazu poltsa batean.
Astindu ezazu poltsa leun.
Atera hitzak poltsatik banan-banan.
Kopiatu arretaz hitzak paper batean, poltsatik atera dituzun ordena berean.
Sortu duzun poemak zure antza izango du.
Eta zu idazle ikaragarri originala eta sentiberatasun liluragarrikoa zara.
Nahiz ezjakinek zu ez ulertu.