Sartu | Izena eman

Azken berriak

Zortzi emakume idazle

Zortzi emakume idazle

Zortzi emakume idazle, martxoaren 8rako

Emakume Langilearen Nazioarteko eguna da bihar. Zer litzateke euskal literatura, edo zehatzago, euskal haur eta gazte literatura emakume idazleek egindako libururik, ipuinik, komikirik… gabe? Guk behintzat argi daukagu: ez genuke begiko izango. Zorionez, ordea, ez da urria haur eta gazteentzat euskaraz idatzi duten emakumeen zerrenda, Bizenta Mogelek 1805ean idatzi zuen Ipui Onac alegia bilduma esanguratsuarekin hasi eta gaur egun arte.

Azken lau hamarkadetan garrantzitsu izan diren eta egun oraindik idazten diharduten zortzi idazle bildu ditugu, martxoaren 8ak (eta urteko beste egun guztiek) bere literatura propioa izan dezan. Zein idazle gehiago sartuko zenuke zerrendan?

80. hamarkada:

MARIASUN LANDA
Frankismoan euskal literatura ia erabat isilik egon zen, baina 1975. urtean, Franko hil ondoren, suspertzen hasi zen euskal literatura. Susperraldi horren erdigunean idatzi zituen Mariasun Landak bere lehen lanak eta gaur arte ez du luma behin ere alde batera utzi; ibilbide oparoko idazlea izan da. 1982. urtean argitaratutako Amets Uhinak eta Kaskarintxo izan ziren bere lehen bi lanak.

90. hamarkada:

MIREN AGUR MEABE
Ipuinak idazten hasi bazen ere, poesia idatzi du, narrazioa landu du haur eta gazte zein helduentzat, itzulpenak egin ditu eta sari asko jaso dituzte bere lanek.

ARRATE EGAÑA
Helduentzat ere idatzi badu ere, haur eta gazteei zuzendu dizkie bere lan gehienak. Printzesa puzkertia (1999) izan zen argitaratu zuen lehen liburua eta ordutik beste asko idatzi ditu.

2000-2010:

YOLANDA ARRIETA
90. hamarkadan hasi zen idazten, baina bere lan esanguratsuetako asko 2000-2010 hamarkadakoak dira. Badago ala ez dago...? izena du bere lehen liburuak.

LEIRE BILBAO
Poesian aritu izan da eta haur eta gazte literaturari eskaini dio denbora gehien. Hain zuzen, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen Xomorropoemak eta beste piztia batzuk poema liburuagatik. Bere azkena narratiba lana da, baina biziki poetikoa: Leiho bat eta leiho bi Begikoko nobedadeetan topatu dezakezu.

JASONE OSORO
Hamaika liburu idatzi ditu eta egun Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da. Guk Jara pertsonaia sortu izanagatik begiko dugu, Jara gure edozein lagun edo gu geu izan gaitezkeelako. Gure bilduman topa ditzakezu Jararen ibilera guztiak.

2010-2018:

UXUE ALBERDI
Hitzekin jolas egiten aditua, bertsolaritzan, literaturan, prentsan… Azken urteotan zeresan handia ematen ari dira bere literatura lanak. Ezin dut eta zer? izan zen haur eta gazte literaturan argitaratu zuen lehena.

ALAINE AGIRRE
Zerrenda honetako gazteena da, baina dagoeneko ibilbide oparoa du literaturan eta hainbat sari eskuratu ditu. Haur eta gazte literaturan idatzi dituenetatik, Nora joan da aitona? (2014) eta Hau ez da zoo bat! (2015) lanak sarituak izan dira.