Azken berriak

31-05-2022
Kontakizun grafikoen onurak
Gero eta hurbilago ditugun udako oporrekin gure irakurketa ohiturak aldatu ohi dira. Badira nobela luze eta mardulak denbora libre gehiago zutenean gozatzeko gordetzen aritu direnak. Badira ordea ere udan liburu arinagoak irakurtzea nahiago dutenak, beroarekin eta inguruan ditugun denbora-pasa guztiekin arreta errazago galtzen dutelako. Hondartzako jolas guztiekin, errekako bainuekin, parkeetako giro alaiarekin, ez dute kontakizunetan hain sakon murgiltzeko gogorik izaten. Irakurketa ohiturak ez galtzeko, nobela grafikoak, album ilustratuak eta komikiak lagun ezinhobeak izan daitezke. Ez dira makalak dituzten onurak!
- Irakurtzeko ohitura sustatu eta lehen irakurleengan segurtasuna sortzen dute. Oraindik silabaka ari badira edo orrialde bakarra irakurtzeko lanak badituzte, batzuentzat pizgarria izan ohi da testuz gainezka egiten ez duen orrialde bati aurre egin ahal izatea. Bereziki, liburu ilustratuetatik narratibara jauzi egiten ari diren umeentzat.
- Irakurtzeko gaitasuna handitu eta hiztegia aberasten du. Binetei esker errazagoa da pertsonaien emozioak ulertzea, hitzezkoa ez den hizkuntza interpretatzea. Hiztegi berria ikasten ere laguntzen du, irudien eta hitzen arteko loturak azkarrago egitea ahalbidetzen dutelako.
- Sormena eta irudimena pizten dituzte. Kontakizunotako istorioak irudimenarentzat mugarik ez duen espazioan gertatzen dira, eta irakurleek istorio berriak sortzeko balio dute.
- Familian irakurtzea errazten dute. Komiki eta nobela grafikoek ez dute adinik. Umetan gozatu genituen istorioak berriz gozatu ditzakegu seme-alabekin. Hainbat nobela grafiko adin-tarte handietarako gomendatuta daude, berdin dio 7 ala 48 urte dituzun.
- Gai zehatzei buruz ikasten laguntzen dute. Askotarikoak izan daitezke gaiak; historia pertsonaien bidez, zientzia fantasiaren begietatik edo, nola ez, nobela klasiko unibertsala.
Murgil zaitez komikietan, nobela grafikoan, album ilustratuetan...! Irudiz blaituko zara.
Liburu gomendatuak