Sartu | Izena eman

Azken berriak

Irakurzaletu

Irakurzaletu

'Nire seme-alabek irakurtzea gorroto dute. Zer egin?'

Etengabe entzuten dugu gurasook seme-alaben eredu izan behar dugula irakurketari dagokionez, guk irakurtzen badugu, haiek ere irakurri nahi izango dutela, imitazio hutsagatik bada ere. Hori badakigu. Baina, batzuetan, ez da nahikoa. Are gehiago, gu oso zale izanik ere, baliteke gure seme-alabek irakurketa gorrotatzea. Egoera hori aldatzeko baliagarri izan daitezke ondoko gomendio eta ideiak:

  1. Zeintzuk dira zure seme-alaben pasioak? Piratak izan daitezke, dinosauroak, eskulanak egitea, kirola, animaliak... Bilatu gaiarekin loturaren bat duten irakurketak.

  2. Irakurri zure seme-alabekin. Horrela, liburuko gertaerak errealitatekoekin lotu ahal izango dituzue, ulertzen zail diren hitzak azaldu, jolastu (ipuin labur bat buruz ikasi, eta irakurtzean, hurrengo hitza zein izango den asmatzea; errimak egitea; istorioa aldatzea...).

  3. Aurrekoarekin lotuta, haurrak beren kabuz irakurtzera bultzatzeko trikimailu interesgarri bat da honakoa: hasi elkarrekin irakurtzen eta zerbait garrantzitsua gertatzera doanean, utzi irakurtzeari. Hala, haurrak jakinmina izango du eta baliteke bere kabuz irakurtzen jarraitu nahi izatea.

  4. Irudirik gabeko liburuak aspergarriak dira? Irakurri komikiak, nobela grafikoak, albumak...

  5. Beste trikimailu bat lotarako ordua luzatzea izan daiteke. Haur askorentzat, lotara ordu erdi beranduago joatea sekulako pizgarria da: jarri baldintza bezala denbora hori irakurtzeko baliatzea, eta ea zer gertatzen den.

  6. Entzun liburuak! Entzuteko liburuak oso dibertigarriak izan daitezke, esaterako, autoan entzuteko. Irakurri gabe literatura maitatzen hasteko modu atsegina da hori.

  7. Egin jaramon argitaletxeen gomendioei: liburu bat irakurtzeko adin bat proposatzen badute, ez jo haur helduagoentzako edo gazteagoentzako liburuetara. Batak frustrazioa eragin dezake, besteak asperdura. Ez dugu hori nahi, ezta?

  8. Gidatu haurrak liburuen aukeraketan, baina utzi haien esku azken erabakia. Igel bati buruzko liburua erosteko ideia hainbeste gustatu bazaizu... erosi liburu hori zeure buruarentzat! Haur eta gazte literatura helduontzat ere oso atsegina izan daiteke, baina zure seme-alabek superheroi bati buruzko istorioa irakurri nahi badute, ez itzazu behartu igelarena irakurtzera.

  9. Irakurri gehiago zure seme-alabei. Batzuetan ez dugu gogorik izaten, edo nekatuta gaude, mila bider irakurrarazi digute ipuin bera... Merezi du! Atera nagiak eta irakurri.

Zer iruditzen zaizkizu gomendio hauek? Partekatu zure trikimailuak gurekin!